Ikastetxe publikoek zuzendaritza berriak aukeratuko dituzte
Eskolako zuzendaritzak eta lidergoak funtsezko eginkizuna betetzen dute ikasleen arrakasta helburu duen proiektu kolektibo eta parte-hartzaile bat sustatzeko orduan.
2020-2021 ikasturtearen amaieran amaituko da gure ikastetxe publikoetako zuzendaritza askoren agintaldia. Horregatik, zuzendariak hautatzeko prozesuan murgilduta daude (zerrenda osoa ikus dezakezue erantsitako araudian).
Horretarako, zuzendaritza-proiekturen bat aurkeztu duen hautagairik badago, zuzendaritza Hautaketa Batzorde bat osatu behar dute ikastetxeek. Batzorde hori irakasle batek, Ordezkaritza Organo Goreneko kide batek eta ikuskatzaile batek osatuko dute. Batzorde hori martxoaren 24an eratu behar da.
Martxoaren 15etik 17ra klaustroak eta OOGk batzorde horretan euren ordezkaria nor izango den aukeratu behar dute. OOGren kasuan, kasu gehienetan zentroko ama edo aita bat izango da.
Batzorde horrek ikastetxean aurkezten diren zuzendaritza-proiektuak baloratu behar ditu. Prozesu osoa amaitutakoan, zuzendaritza berriak uztailaren 1ean izendatuko dira, lau urterako. Ikastetxe batek hautagairik ez badu, ikuskaritza arduratuko da zuzendaritza izendatzeaz.
- Ikusi araudia: EHAA, abenduaren 9koa.
- Gai hau interesatzen bazaizu, Euskadiko Eskola Kontseiluak egindako “eskola-zuzendaritza publikoa” dokumentua irakur dezakezu.