Euskal Eskola Publikoaren eztabaida-prozesua aurkeztu dugu etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legeari buruz
Eusko Jaurlaritzak eta partidu politikoek Euskal Hezkuntza Lege berri bat egiteko asmoa azaldu duten legegintzaldi honetan, zilegitasun osoa duen adostasun politikoak aldi bereko adostasun soziala beharrezkoa duela uste dugu. Horretarako, Euskal Eskola Publikoaren eztabaida-prozesua egingo dugu EHIGE eta HEIZE elkarteok. Hiru zutabe izango ditu prozesu honek:
- Oinarrien dokumentua. Dokumentu sakon hau izango da prozesuaren zutabea, eta eztabaida sustatzea du helburu, ekarpenak eta balorazioak jasoaz. Bi zati ditu: lehenengo zatian euskal hezkuntza sistemaren diagnostikoa egiten du. Bigarrenean, bestalde, Euskal Eskola Publikoaren plan estrategikoa egiteko proposamena jasotzen du.
- Hitzaldi-eztabaidak. Martxoaren bukaeratik aurrera hitzaldiak egingo ditugu, herri mailan zein ikastetxeetan. Oinarrien dokumentua aurkezteaz gain, eztabaidarako aukera izango da.
- Euskal Eskola Publikoaren proposamena Euskal Hezkuntza Legerako. Prozesuari amaiera emateko, proposamen berri bat argitaratuko dugu, Euskal Hezkuntza Legean eragina izatea helburu izango duena.
EHIGE eta HEIZE elkarteok argi dugu euskal hezkuntza sistemak dituen erronkei erantzuteko bidea eskola publikoaren perimetroa zabaltzea dela, eskola publikoa delako gizarte-kohesio, aukera berdintasuna eta euskararen garapena bermatu dezakeen sare bakarra.
Bi elkarteok urteak daramatzagu elkarlanean euskal hezkuntza sistemarako proposamenak egiten, horien artean “Euskal Herrirako Curriculuma” (2009) eta “Euskal Eskola Publikoa haratago” (2010). Ezagutzatik hitz egiten dugu: ikastetxe publikoetako eguneroko dinamiken esperientziatik, euskal hezkuntza sistemari buruzko ebaluazioen hausnarketatik, ikerketa zientifiko eta egin diren politiken jarraipen estuetatik.